Klasean ikasleekin lantzen ditugun tresnen artean dugu Kodu Game Lab. Baina zer da Kodu? Izenak dioen bezala, Kodu bideojokoak egiteko programa bat da. Haurrek eta hasiberriek 3D-ko bideojokoak diseinatzeko pentsatuta dago. Egokia da 8 urtetik gorako haurrentzat, hala ere, erabilera ez da adin tarte horretara mugatzen. Heldu askok ere plataforma erabiltzen dute bideojokoen programazioan eta diseinuan sartzeko.
Kodu-k aukera ematen die erabiltzaileei munduak, pertsonaiak eta joko arauak diseinatzeko, aurretik programazioan esperientziarik izan beharrik gabe. Bere interfaze intuitibo eta koloretsuari esker, jokoen sorkuntza erraza eta dibertigarria da.
Kodu oso egokia da programazioaren eta jokoen diseinuaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko. Programazio blokeak erabiltzean, erabiltzaileek jokoan elementuek nola elkar eragiten duten pentsatu behar dute. Logikoki programatzeko eginda dago. Guk baditugu hiruzpalau bideo Kodu Game Lab erabiltzen ikasteko. Gainera, Kodu-k jolasak partekatzeko aukera ematen du (irakaskuntza prozesuan talde lana sustatuz).
Deskargatu eta instalatzeko jarraitu beharreko pausuak azalduko dizkizugu, lasai oso erraza da. Gainera, Microsoft-eko programa izanik, Microsoft Store-en bitartez deskargatu eta instalatuko dugu:
1. Bilatu nabigatzailean: “Kodu Game Lab microsoft store”.
2. Bigarren web orrian sartuko gara: Get Kodu_Game_Lab – Microsoft Store.
3. Behin barruan, “Free” azpiko “Get”-en klikatuko dugu deskargatu eta instalatzeko.
Esan bezala, Kodu erabiltzea nahiko erraza da honako ataletan banatuta dagoen interfazeari esker:
1. Mundua sortu: Lur ezberdinen artean aukeratu eta paisaia zure gustura pertsonalizatu dezakezu.
2. Pertsonaiak edota objektuak gehitu: Zure munduan koka ditzakezun pertsonaien eta objektuen aukera zabala eskaintzen du. Bakoitzak bere ezaugarriak eta portaerak ditu programatzeko.
3. Ekintzak programatzea: Programazio bisualeko sistema baten bidez, pertsonaiei ekintzak esleitu eta jolaserako arauak ezar ditzakezu. Hau programazio-blokeak arrastatuz eta askatuz egiten da, programazio-logika errazago ulertzea ahalbidetuz.
Kodu Game Lab barruan denak ez dira abantailak
Bestalde baditu bere aurka jokatzen duten zenbait gauza… Erabiltzaileek aurrera egin ahala, Kodu-k beste tresna konplexuago batzuekin alderatuta, muga teknikoak ditu. Azken finean, hasi berrientzat egindako programa bat da. Aitzitik, erabilerraza den arren, denbora behar izan dezake funtzio guztiekin ohitzeko. Gainera, hardware espezifikoa behar izan dezake, batez ere grafiko konplexuagoetarako. Halaber, ezin dira sorkuntza handiak egin eta azkar “saturatzen” da programa.
Hala ere, oro har, Kodu Game Lab tresna ona da bideojokoen diseinuaren eta programazioaren mundua esploratu nahi dutenentzat. Bisuala eta erabilerraza denez, hezitzaileentzat eta gurasoentzat baliabide egokia da gazteak pentsamendu logikoan eta sormenean murgiltzeko. Guk baditugu zenbait bideo Kodu-n egin daitezkeen proiektu desberdinak azalduz. Ikusi eta probatu ezazu Kodu!