LEGO EV3 Mindstorms bezalako ekimenei esker, robotika mundu guztiaren eskura dago. Ingeniaritza, programazioa eta problemak modu erraz eta dibertigarrian ebazteko kontzeptuak sartzen ditu. Orain aztertuko dugu zergatik LEGO EV3 Mindstorms oso tresna interesgarria den robotika ikasteko eta irakasteko.
Zer da LEGO Ev3 Mindstorms?
LEGO-k 2013an merkaturatutako EV3 (Evolution 3) kita bere Mindstorms serieko hirugarren belaunaldia da, LEGO-ko pieza klasikoak sentsore eta motorren teknologiarekin konbinatzen dituena. EV3-k barne hartzen ditu:
- Ev3 kontrolagailua (“Brick”): robotaren “garuna” da, mikroprozesadore batekin, sentsoreetarako konexio-portuekin (1-4) eta motorrentzako konexio-portuekin (A-D). USB – MiniUSB-B kable bidez konektatzen da ordenagailura, baina Bluetooth edo Wi-Fi bidez ere konekta daiteke.
- Sentsoreak: ultrasoinu-sentsoreak, giroskopioa, kolore sentsorea eta kontaktu sentsoreak, robotari ingurunearekin elkarreragiteko aukera ematen diotenak.
- Motor programagarriak: mugimenduak egiteko aukera ematen dute.
- LEGO Technic piezak: Egitura funtzionalak eraikitzeko.
Zergatik erabiltzen dugu guk eta jende askok Ev3 Mindstorms?
Lehenik eta behin, aipatu Ev3-a bere moldakortasunari esker ezin hobea da programazioaren munduan aurrera egiteko. Bere softwarea blokeetan erabiliz programa daiteke zeina hasiberrientzat perfektua den, edo lengoaia aurreratuagoak erabiliz, hala nola, Python edo C, zeina esperientzia duten erabiltzaileentzat pentsatuta dagoen.
Gainera, kitak ehunka pieza dakartza eraikitzeko, baita eraikuntza batzuk ere, beren jarraibide eta programazioekin. Baina, interesgarriena ez da hori, baizik eta ekartzen dituen pieza guztiei esker, hainbat robot diseina daitezkeela: ibilgailu sinpleetatik hasieta erreskate-tirolinetaraino eraiki daiteke. Guk baditugu diseinu propio batzuk gure ikasleekin lantzen ditugunak. Baina sormena eta autonomia oso garrantzitsuak direnez, tailerrak egiten ditugu (Gabonetan, Aste Santuan eta Udan), eta horietan, gazteek beren kabuz eraiki eta programatu behar dute (jakina, beti egoten gara hor laguntzeko eta gidatzeko).
Era berean, eraikitzeko duen moldakortasunari esker, jendeak diseinu anitz egin eta partekatzen ditu Interneten. LEGO Mindstorms-ek diseinuak, kodeak eta aholkuak partekatzen dituzten erabiltzaileen komunitate handia du: bideo tutorialak, blogak… Horregatik guztiagatik, oso aukera ona da robotikaren eta programazioaren munduan hasteko.
Azpimarratzekoa da Ev3-a hezkuntza-tresna bat dela. Robot bat diseinatu eta programatzeak erronkei aurre egitea eta irtenbideak aurkitzea eskatzen du, eta beraz, gazteek logika eta sormena erabili behar dituzte. Hori gutxi balitz, robot bat eraikitzea esperientzia praktikoa denez, kontzeptu teorikoak modu aplikatuan ulertzen laguntzen du. Gainera, hezkuntza-ingurune askotan Ev3-rekin taldean lan egiten da, proiektuak eginez eta talde-lana ere sustatuz.
Erreferente izaten jarraitzen du…
Hasiberrientzat intuitiboa bada ere, bere potentzial aurreratua esploratzeak denbora eta praktika behar izan dezake. Hala ere, erabiltzaile askok haren alde egiten dute. Gainera, aipatzekoa da 2020an LEGO Mindstorms Robot Inventor merkaturatuta, LEGOk aukera berrietarako urratsa eman zuela, teknologia modernoagoak integratuz. Hala ere, Ev3-a erreferente izaten jarraitzen du bere aldakortasunari eta babesten duen komunitate handiari esker.
LEGO Ev3 Mindstorms-ek robotika ikasteko eta irakasteko modua irauli du. Dibertimendua eta hezkuntza uztartzen dituen plataforma da, eraikitzeko, programatzeko eta esperimentatzeko aukera amaigabeak eskaintzen dituena.
LEGO Ev3 Mindstorms-ekin zure ideiei bizia emateko eta etorkizuna eraikitzen hasteko ordua da!