Imajina dezakezu zure bizitza internet gabe? Ezetz? Hain sartuta dago gure egunerokotasunean bat-batean etengo balitz, erotu egingo ginela. Askoren bizitzak gelditu egingo lirateke baita… Dagoeneko internetaren boom-a oso urruti geratzen zaigu baina baita smartphonena ere. Teknologiak ordutik hona azeleragailua zapaldu du eta ez du askatu. Azken urteotan, zientziak aparteko aurrera pausoak eman ditu robotikaren eta programazioaren munduan. Mugarri garrantzitsuak izan dira teknologiaren arloan. Aurkikuntza horiek, automatizazioaren eta konektibitatearen etorkizunerako aukera berriak ere zabaldu dituzte.
IA geratzeko etorri da
Inteligentzia artifiziala (IA) berrikuntzaren erdigunea izan da. Ikaskuntza sakoneko algoritmoen eta sare neuronalen alorreko garapenei esker, makinek zeregin konplexuagoak egin ahal izan dituzte eta etengabe egoera berrietara egokitu ahal izan dira. Oso garrantzitsua izan da esperientziatik ikasteko eta denbora errealean erabaki konplexuak hartzeko gai diren IA-en garapena. Inteligentzia artifizialaren zurrunbiloa etortzearekin batera, auzi etikoak ere agertu dira. Baita segurtasunekoak ere. Hauek etengabeko arreta behar dute etorkizun iraunkorra eta onuragarria bermatzeko.
Baina inteligentzia artifiziala dudarik gabe geratzeko etorri den teknologia bat da. Hasi besterik ez da egin mundua barneratuko duen zurrunbiloa. Gero eta aplikazio gehiago ditu esparru anitzetan. Dagoeneko 80ko hamarkadan lanean ari ziren osasungintzako IAko sistemen garapenean. MYCIN bezalako diagnostiko medikurako lehen sistemak garatzen hasi ziren. Ildo beretik, sendagai berriak baheketa birtualaren eta molekulen diseinuaren bidez sortzea ahalbidetzen du. Eredu iragarleak ere egiteko tresna bikaina da.
Eta, robotikan zer?
Robotikan azken berrikuntzak robot kolaboratiboak (kobotak) dira. Gizakiekin modu seguru eta eraginkorrean lan egiteko diseinatuta daude. Hauei esker aukera berriak ireki dira industria-, osasun- eta zerbitzu-inguruneetako zereginak automatizatzeko. Kobotekin duela 10 urte baino lehenago hasi ziren lanean. Adibidez, 2012an lehen robot kolaboratzaile komertziala garatu zen: UR5. Arlo anitzetan erabili izan dira, manufakturazko industriatik hasita arreta medikurarte. 2020tik arrera, koboten erabileran etengabeko hazkuntza ikusi da hainbat industriatan: logistikan, arreta medikoan, nekazaritzan eta eraikuntzan, besteak beste. 2021ean gaitasun hobetuak dituzten robot aurreratuagoak garatzen hasi ziren, hala nola, ikusmen artifiziala eta errefortzu bidezko ikaskuntzadunak. Honi esker, ingurune dinamikoetan egokitu eta modu eraginkorragoan lagundu dezakete. Azken bi urteotan, hala ere, koboten segurtasuna, adimena eta malgutasuna hobetzeko ikuspegi batetik ari dira aurrera pausoak ematen.
Honen eskutik hartuta, konputazio kuantikoa ere dugu, ametsa izatetik errealitate bihurtu dela. Honek, informazioa ordenagailu klasikoak baino modu esponentzialki azkarragoan prozesatzeko gaitasuna eskaintzen du. Orain arazo konplexuen ebazpena irauli dezaketen algoritmo kuantikoekin jarduten da lanean, hala nola optimizazio logistikorako eta material berrien diseinurako.
AR eta VR, etorkizuneko bi munduak
Robotika eta programazioa uztartuta, errealitate areagotua (AR) eta errealitate birtuala (VR) garatu dira. Mundu digitalarekin elkarreragiteko modua aldatzen ari dira. Teknologia hauek oso baliagarriak dira; izan ere, gure gaitasunak eta ezagutzak zabaltzen dituzten murgiltze-esperientziak eskaintzen dituzte. Hezkuntza-aplikazio asko izan ditzakete! Teknologia hauek indartsu datoz! Bi “mundutan” biziko gara laster… Kar, kar, kar…
Konturatzerako zurrunbiloan sartu-sartuta egongo gara… Horregatik, testuinguru honetan, gaztetatik robotikaz eta programazioaz ikastea oso interesgarria da. Guk haurrek teknologiaz ikastea nahi dugu, baina modu dibertigarri batean. Haurrak pixkana-pixkana ezagutzak bereganatzen doaz, unitate desberdinak landuz eta mailen arabera edukiak zailduz. Eskolaz kanpoko ekintzak eskaintzeaz gain, Gabonetan, Aste Santutan eta udaran udalekuak antolatzen ditugu ikastea eta aire librean jolastea uztartuz. Ez diezaiola zure seme-alabari zurrunbiloak ezustean harrapatu!